Klubak errealitate kokatuak dira, hiriaren edota herriaren parte dira, edo auzo batekoak. Batzuk, euren diziplinaren barruan badira nor nazioartean, kultura zabalago baten parte sentituz. Horren erakusle dugu errugbia: munduko edozein lekutan egonda ere, errugbiko giroak hartuko zaitu.
Historiak inguruarekiko lotura horiek jasotzen ditu, baina aldaketaz aldaketa, orainaldiaren parte ere badira. Hiri, herri edo auzoko erakunde ezberdinekin dute elkarrizketa klubek eta kirolaz, ekonomiaz, identitateaz edo kezka sozialaz mintzo dira. Eta lotura horien aztarnak nonahi topatu daitezke: taldearen izendapenean, armarrian, klubeko koloreetan, kantu, oihu edo leloetan. Testuinguruak badu bere tokia kultura txiki hauen baitan.
Horrela, klubek kirola, aisia eta gizartea lotzen dituzte, eta lotura horrek sare baten itxura hartzen du, bertan zaleak, erakundeak, elkarteak, enpresak zein herritarrak elkar harremanetan agertzen direlarik. Kasu batzuetan, sare horiek beste klub batzuek ere hartzen dituzte bere baitan. Errugbyan erritua den hirugarren denbora litzateke horren adibide adierazgarria, edo klub txikiek handiagoekin dituzten harremanak.
Batzuk herrigintza dute akuilu. Elkar lagundu, inguruarekiko konpromisoa, edo (berriz ere) elkarrekikotasuna ageri dira kontakizunetan. Inguruan duten erreferentzialtasuna aitortzen diote batzuk euren buruari eta hortik ardura bat agertzen da. Kirolak gizartean eragiteko gaitasuna duela erakusten dute klubek, kirola kirol hutsa ez dela, kirola norbanako gorputzaz gain, gorputz kolektiboa zaintzeko tresna ere badela agerian utziz.