Kultura ekoizpenak

Kirolkide Webgunea · Bera Bera RT – eskubaloia zabaltzeko eskoletara joatea

Espazioan eta denboran kokatuak egonik, klubak badira bere garai eta esparruaren isla. Klubetan egun kirolak dituen ezaugarriak ikus daitezke. Baina gizarte ispiluak baino gehiago dira kirol taldeak. Kluba mantentzeko, kudeatzeko, bideratzeko edo zabaltzeko asmoz, prozesuak zein tresna ezberdinak diseinatu eta martxan jartzen dituzte. Kultura ekoizle eta sortzaile moduan irudikatu daitezke klubak, gizarte eragile.

Jolasteko estilo propio bat sortzen eta garatzen dute batzuk. Kluba gidatuko duen plan estrategikoa, lan egiteko irizpideak eta arauak finkatzen dituzte askok. Harrera planak diseinatzen dituzte iritsi berrientzat (kanpokoak edota herrikoak izanik). Errespetuaren protokoloak, dekalogoak klubaren konpromisoak adierazteko. Balioen horma margotu dute batzuk, egunerokoan klubek duten hezkuntza dimentsioa presente egoteko. Edozein jarrerak edo jokaerak ez du balio. Haur eta gazteak, entrenatzaileak eta, beste maila batean, gurasoak dira, nagusiki, lanketa horren jomuga.

Kirolkide Webgunea · SD Amorebieta – kluba gidatzeko irizpideak

Baina kluben eraginak badu kanpoko dimentsio bat. Zelaian eta lehian proiektatzen denaz gain, klubek duten dimentsio birtualak gero eta garrantzi handiagoa du, egun, bertan ere klubaren egunerokotasuna jokatzen delako. Komunikazioa eta irudi (propioa) kezka bilakatu dira kirol erakundeentzat. Web guneak eta sare sozialak dira erabiltzen diren komunikazio tresna nagusiak, askotan komunikabide tradizionalen pisua gaindituz. Eremu birtual honi funtzio ezberdinak ematen zaizkio: klubaren berri eman, emaitzak eta albisteak zabaldu, zaleekin eta babesleekin komunikatu. Klik bat, txio bat… zabaltze lana inoiz baino errazagoa dirudi, baina, aldi berean, konplexua da praktikan. Horregatik, horren lanketa eta profesionalizazioa mahai gainean daude klub gehienetan.

Birtualak barne komunikazioa ere kolonizatu du. Eta hor, Whatsapp-ak du nagusitasuna. Klub bakoitzean, hamaika Whatsapp talde. Horrek, neurri batean, diskurtso bateratua apurtu du. Horrekin batera, irudipena da barne komunikazioa ez dagoela kanpokoa bezain landuta, eta hor zeregin eta betebehar berriak sortzen ari dira. 

Kirolkide Webgunea · Judizmendi IK – barne komunikazioaren funtzionamendua