Kronologia eta klubetan emandako urratsak (2021)

Egitasmoaren oinarriak zehaztu ostean abiatu genuen Euskara Kirolkide proiektua, 2020an. Hiru urterako proiektua da. Hona hemen bere kronologia: 

2020

  • Marko teorikoaren lanketa
  • Lekuan lekuko lanaren prestaketa

2021

  • Lekuan lekuko lana. 4 urrats:
    • Klubaren historia, ibilbidea, sinboloak
    • Kluba ezagutzen eta esperimentatzen
    • Kluba egunerokotasunean: praktikak, errutinak, harremanak eta emozioak
    • Kluba eta komunikazioa: barne zein kanpo komunikazioa

2020

Proiektua abiatzeko urtea izan zen. Horretarako bi zeregin finkatu genituen. Batetik, egitasmorako marko teoriko bat osatu nahi izan genuen. Azken urteotan gazteak-aisialdia-euskara hirukotearen inguruan sortutako literaturari errepasoa eman eta Euskara Kirolkide egitasmorako baliagarriak iruditu zitzaizkigun kontzeptu, nozio eta ideiak jaso eta landu genituen txosten mamitsu batean. Bertan, beste testuinguruetan landutako proposamenak geureganatzeko ahalegina ere egin genuen.

Bestetik, hurrengo urtean abiatu beharreko lekuan lekuko lanaren prestaketari ekin genion. Fase horren betebehar nagusia proiektuan parte hartuko zuten kirol klubak aukeratzea izan zen. Hautaketa prozesu horretan, hauek izan ziren emandako urratsak: 1) kluben profilak definitu, 2) hautagai izan zitezkeen kluben zerrenda osatu, 3) klubekin harremanak egin eta egitasmoa aurkeztu, 4) behin betiko klub partehartzaileen zerrenda osatu. Ondorengoak izan dira partaideak: 

Bestalde, prestaketa horretan, 2020ko azaroan, kirol munduko zenbait eragilerekin (publiko zein pribatu) mintegi interesgarria egin zen; bertan, D ereduko kirolaren egitasmoaren ondorioak eta Euskara Kirolkide proiektuaren helburuak eta planteamendua aurkeztu eta eztabaidatu ziren.

2021

Lekuan lekuko lanari ekin zitzaion 2021ean. Bigarren fase honen helburu nagusia izan da 2020an eskuratutako babesgunearen definizio teorikoa kirol klubeko eragileekin testatzen hastea. Zehazki, zuzendaritza-taldeen edota bertako laguntzaileen nahiz langileen eguneroko praktikak eta esperientziak, bizipenak eta gogoetak jaso nahi ziren.

Horretarako lau urrats bereiztu genituen. Horien arteko koherentzia zainduz, bakoitzari zegozkion helburuak modu berezituan planteatu eta landu ziren.

LEHEN URRATSA: Klubaren historia, ibilbidea, sinboloak

Lekuan lekuko lanaren lehenengo urrats honetan klubaren oinarrietan jarri zen arreta. Oinarriak esaten ditugunean hastapenak, garapena eta ezaugarriak esan nahi dugu. Klubaren sorreran zeuden helburuak eta nahiak, klubaren muina eta berezitasunak harrapatu nahi genituen. Kluba zertan datza eta “zerk egiten du kluba” aztertu genuen (baita zerk egiten duen “berezia” edo zerk ematen dion izaera ere). 

Hemendik abiatuta, ideia zen ikustea edota antzematea istorio, ibilbide, garapen eta izaera horretan hizkuntzak/hizkuntzek zein paper izan duten eta duten, bereziki euskarak izan duen edota egun duen papera. Halaber, etorkizunari begira euskarak izan dezakeen tokia aurreikusi nahi izan da.

Ikerketa prozedurari dagokionez, lehenengo urrats honetan behaketarekin lotutako ariketa bana (identitatearen kutxa) eta elkarrizketa sakon bana egin ziren.  

BIGARREN URRATSA: Kluba ezagutzen eta esperimentatzen

Urrats honetan kluba giro eta testuinguru gisa planteatu zen. Konparazio bat eginez, kluba “etxe” moduko bat litzateke eta etxe horren kokapena eta ezaugarriak zeintzuk diren jakin nahi genuen.

Kirolkide Webgunea · SD Amorebieta – azalpenak

“Etxe”, giro eta testuinguru horiek praktika, esperientzia eta bizipen batzuekin dute lotura. Bestalde, euskara, hizkuntzak eta komunikazioa oro har, testuinguru horretan txertatzen dira. Gauzak horrela, euskara, hizkuntzak eta komunikazioa eta horiekin lotutako praktikak non, noiz eta nola jartzen diren harremanetan klubeko bestelako elementu eta jarduerekin ikustea interesatzen zitzaigun.

Aspektu hauetan sakontzeko asmoz, bisita gidatu bat egiteko eskatu genien klubetako arduradunei, “klubaren etxea” eta -baita ere- bere testuinguru hurbila (auzoa, herria, hiria…) hobeto ezagutzeko. 

HIRUGARREN URRATSA: Kluba egunerokotasunean. Praktikak, errutinak, harremanak eta emozioak

Urrats honetan, klubetako egunerokotasunera hurbildu nahi izan genuen; kluba “martxan” ikusi eta bertan gauzatzen diren praktikak, errutinak, harremanak eta afektuak ezagutu.

Sarah Pink eta Kerstin Leder-rek dioten moduan, egunerokoa etnografikoki ikertzeko bertan egon behar da, eta horixe egin dugu: «(…) “bertan” egon behar dugu eta ikertzen ari garenaren parte izan, errealitate hori bizi» (Pink eta Leder 2014, 146). Egileek nabarmentzen dutenez ez da gauza bera (klubean) gauzatzen diren praktikak bertan antzematea edo ikerketa subjektuek deskribatzea, izan ere gauza asko geratu daitezke aipatu gabe, berriemaileek nahigabe ahaztuta edota baztertuta (Ibid, 147):

«egunerokotasunaren parte asko izkutatuta geratzen dira, ez dira aipatuak izaten eta, ondorioz, gutxi ikertzen eta ezagutzen dira».

Klubetan egiten dena jasotzeaz gain, nola egiten den eta zergatik egiten den galdetu genuen. Gainera, egiten den horrek zein harremana duen klubarekin, klubaren izaerarekin eta kirola ulertzeko moduarekin arakatu genuen. Bestalde, interesgarria da praktika horiekin lotutako esperientziak, (subjektuen) emozioak eta afektuetan erreparatzea. Azkenik, hirugarren urrats honetan, hizkuntza(k) praktikan ikusteko aukera izan genuen, klubaren eguneroko jardunean duen tokia arakatuz. 

LAUGARREN URRATSA: Kluba eta komunikazioa. Barne zein kanpo komunikazioa

Urrats honetan kluben dimentsio komunikatiboa aztertu nahi genuen. Horrekin lotuta, klubeko kideen artean (izan kirolariak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak edo gurasoak) eta bestelako jarraitzaileekin (zaleak edo herritarrak) dagoen informazio fluxua izan  genuen aztergai.

Praktika hau garrantzitsua da klubentzat, zuzenean kirol jardunarekin lotuta ez badago ere. Kluba “ikus” daiteke komunikazio praktika horien bidez (bere izaera, ezaugarriak, irudia, balioak, desioak, beharrak…). Azken finean denok, komunikatzen dugunean, guretik (gure izaera, pentsamendu, gogo.…) asko jartzen dugulako eta asko transmititzen dugulako. Komunikazioaren garrantzia oso agerikoa da, eta klubeko parte bezala ulertu behar da. 

Kluben jardunarekin lotutako bi komunikazio-plano edo mota aztertu genituen: (1) barne komunikazioa edo klubeko kideen arteko komunikazioa; (2) kanpora begirako komunikazioa, herritarrei eta oro har kirol zaleei bideratuko komunikazioa. Arlo honekin lotuta, beste gai interesgarri bat landu genuen ere: merchandising eta publizitatea.