Ikerkuntzarako teknikak

Galdera edo kezka baten aurrean errealitateak ez du berez erantzungo. Erantzun egokiak topatu behar dira irtenbide aproposak aurkitu ahal izateko. Zeregin horretan metodologia ezinbesteko tresna da gizarte zientzietan eta, bereziki, ikerkuntza-lanetan.

Metodologia “leku” guztietan dago. Konturatu gabe bada ere, etengabe gaude “metodologiarekin” harremanetan. Gutako bakoitzak badu bere “metodologia” edo prozedura goizean egunari aurre egiteko; edo azterketa bat prestatzeko; edo patata tortilla bat egiteko. Metodologiaren gaineko erabakiak ez dira, beraz, nolanahikoak, eta ezinbestekoa da tentuz eta arretaz hartzea. Horrela jokatu dugu Euskara Kirolkide proiektuan ere, eta aurretik azaldu ditugun lau urratsen diseinua litzateke horren erakusle. Kirol klubengana hurbiltzeko, bide eta modu pausatua eta koherentea gauzatu nahi izan dugu, eta hori dago urrats horien oinarrian. Horretarako, metodologia kualitatiboa lagun izan dugu, horren erabilpenaren helburuak hauek izanik: 

Kontakizunak, diskurtsoak, iritzi eta hausnarketak batetik; bizipenak, esperientziak eta sentsazioak bestetik. Horietan murgiltzen saiatu gara, kirol klubeko errealitatera ahalik eta modu sakonean hurbildu nahian. 

Metodologia bide-orria bada, prozesua aurrera eramateko eta gauzatzeko ikerkuntzarako teknikak behar ditugu. Teknikak ikerlariok informazioa biltzeko ditugun tresnak dira. Teknikak aplikatzen diren momentuari lekuan lekuko lana deitu izan zaio gizarte zientzietan, eta hori lanaren zati enpirikoa da. 

Euskara Kirolkide egitasmoan lekuan lekuko lana 2021eko otsailetik uztailera burutu zen eta behaketa eta elkarrizketa izan dira erabilitako teknika nagusiak. Denera, 28 behaketa saio eta 30 elkarrizketa egin dira.

Behaketa ikerkuntzarako ohiko teknika dugu antropologian, disziplina honek, historikoki, “bertan egoteari” emandako garrantziaren lekuko. Baina behaketaren ospeak   mendebaldeak begiradari eskainitako nagusitasunarekin ere badu lotura (Estalella 2020). Izan ere, begiak ezagupenerako bide fidagarriena kontsideratu izan dira, beste zentzumenak alboratuak izanik. 1990. hamarkadatik aurrera, aldiz, proposamen berriak agertu dira, eta begirada ez diren bestelako zentzumenen balioa aldarrikatu da. Honekin lotuta, behaketa modu zabalago batean ulertzeko ahalegina egin da, eta behaketa sentsorialak egitearen alde agertu dira hainbat antropologo. Kasu honetan, antropologoaren gorputza zentzumen-gunea bilakatzen da, inguruarekin bat eginik eta testuingurua bere osotasunean hautemateko asmoz. 

Behaketa eta pertzepzioarekin batera, elkarrizketa izan da Euskara Kirolkide egitasmoan erabilitako ikerkuntzarako tresna nagusia. Ikerketa gunean ikusitakoaz, entzundakoaz eta sumatutakoaz hitz egiteko parada hartzea funtsezkoa da antropologoentzat, besteak beste, jasotakoa partekatzeko eta kontrastatzeko. Gainera, elkarrizketa ezinbesteko tresna da pertsonen iritziak, hausnarketak, esperientziak, bizipenak… biltzeko. Hitzen elkartruke hau oinarri garrantsitzua da, kontakizun hauek ere ikertutako munduaren parte direlako. Ulertu nahi dugun errealitatera iristeko bideak dira testigantzak; mundua(k) bertan jasota geratzen d(ir)elako eta mundua(k) testigantzen bidez eraikitzen d(ir)elako (Duranti 2000).

Behaketa, pertzepzioa eta elkarrizketa oinarri hartuta osatu dira hemen aurkeztutako ondorioak. Adierazpen anitzen bidez zabaldu nahi izan dugu ezagupen antropologikoa, eta ezagupena komunikatzeko era ezberdinak frogatu nahi izan ditugu, besteak beste, ikerkuntzarekin lotutako egiletza eta lankidetza eraberritzeko, eta hizkuntzari, euskarari, bide berriak irekitzeko.