Erakundetze prozesua

Kluba sentimendu bat izan daiteke, (pertenentzia) harrotasun bat, espiritu bat. Baina batez ere antolakuntza da, kudeaketa. Lan ordu asko daude klub baten atzean: koordinazioa, bilerak eta batzarrak ere klub baten parte dira. Lehiak, garaipenek edo frustrazioek sortzen duten adrenalina funtsezkoa da, baina ez dira nahikoa klubari eusteko. Egunerokotasuna, lan ikusezinak sostengatzen du: aurrekontua kudeatu, kantxaren planifikazioa, materialaren zaintza… Koordinazioa eta lan banaketa gakoak dira.

Klubak atal bakarra edo ezberdinak eduki ditzake. Edozein kasutan talde ezberdinak bilduko dira bertan, nesken eta mutilen taldeak; haur, gazte edota seniorren taldeak. Bakoitza artatu eta denen arteko koordinazioa eman behar da. Astean zeharreko dinamikez eta asteburuko errutinez arduratu. Aurtengo denboraldia eta hurrengoa planifikatu. Zereginen gurpil zoroan murgilduta egonik, ezinbestekoak dira klubeko uneak, talde gisa agertzeko eta ospatzeko uneak: familia edo lagun talde bat gara, baina baita erakunde bat, klub bat ere. Bagara izen eta ikur bat. Bagara. Aldagelako intimitatean, autobus bidaietan, Klubeko egunean edo herriko/hiriko jaietako danborradan edo inauterietan. Kluba izateko momentuak. Eta espazioak. Egoitzak, bulegoak eta bestelako gune propioak (zelaiak, taberna) beharrezkoak dira erakundetzeko, eta bazkidetza.

Bazkideak: kirolariak, entrenatzaileak eta zaleak, klubeko kamiseta jantziko dutenak, klubeko koloreak eramango dituztenak, himnoa kantatuko dutenak, harmailak beteko dituztenak. Horrelakoetan lehia pisu handiko elementua bilakatzen da, energia moduko bat sortzen du eta egunerokoan kluba egituratu, antolatu eta sendotu egiten du.