Proiektuan parte hartu duten klub guztietan badago oinarrian talde bat izan nahia eta talde gisa agertu nahia. Deitu lagun taldea, kuadrilla, familia. Kasu guztietan, pertsonak jartzen dira erdigunean, horiek izan direlako, direlako eta izango direlako klub baten gakoa eta giltza: taldetasuna, ordu asko elkarrekin, pertsonak pertsonekin.
Gazteak, beteranoak. Gurasoak, zaleak. Pertsona anitzak, gaitasunez zein gorputzez; bizipenez, zein ikuskerez. Bizimodu eta kezka ezberdinen bilkura ere bada klub bat. Kirolari izaten ikasten ari diren pertsonak, harrobia, zein profesionalak direnak elkarrekin aritzen dira. Kluba zuzentzen eta kudeatzen dutenak eta kirolarien hezitzaileak, entrenatzaileak. Bolondres aritzen diren pertsonak, gehien-gehienak, eta soldatapekoak, gutxiengoa.
Dibertsitate horren aurrean ere, ekimenez eta ekinez, loturak eta elkarrekikotasuna sortzen dira. Gorputzen arteko igurtziak, emozio partekatuak, elkar zaintza eta babesa, konfiantzazko harremanak. Hauek (dira) talde itsasgarri. Jaso eta eman, transmisioa, atxikimendu kutsakorra: klubek katebegien segida dute helburu eta beharra.
Urteak joan eta urteak etorri, klubek diraute historia gordetzen duten ikur material zein ezmaterialetan: trofeoak, txapelak, sariak edo eraikina.
Mugarriz mugarri, aldaketaz aldaketa aurrera egiten dute klubek kirol-jardunak berak horrela agintzen duelako: hobetzeko grina, konpromisoa, ahalegina, diziplina, esfortzua. Lokatza eta harea “jokoaren” ikur gisa. Inertzia horren ondorioz edo, krisi garaietan taldeak inoiz baino batuago agertu ohi dira eta aurrera egitea lortu dute. Tradizio luzeko klubak badira ere, oraindik hobetzea eta egonkortzea dute helburu.