Euskara Kirolkide egitasmoaren helburua izan da klub bat zer den eta zertan datzan ulertzea. Funtsezko zeregina dirudi bertan euskararen gaineko edozein proposamen egin aurretik. Hizkuntza, ezinbestean, testuinguruarekin elkarrizketan ulertu behar da.
Ezaugarritze lan honetan, lagungarri zaigu Adrian Holliday (1999, 247) autoreak proposatutako kultura txikia (“Small Culture”) nozioa. Egileak dioenez: «kultura txiki bat edozein giza talde izan daiteke, adibidez, auzogune bat edo laneko talde bat». Kultura txikien kasuan, taldeak berak elkarturik mantentzeko egiten dituen ahaleginen baitan dago ñabardura edo berezitasuna. Hau da, kultura txikiak ez dira berez, a priori edo indar handi batez existitzen (adibidez, elementu abstraktu baten eraginez -izan etnizitatea edota nazioa-). Kultura txikiek bizi eta irauten dute horretarako gogor lan egiten dutelako.
Hollidayk dioenez, talde kohesioa bultzatzen duen jarrera, joera eta pentsamolde multzo bat sumatzen duenean kultura txiki bat antzemango du ikerlariak (1999, 248): «jokabide eta pentsamolde bilduma bat talde batasunarekin lotuta». Gainera, ikuspegi honetan, dinamismoa eta mugimendua bereziki garrantzitsua da (Beales et al. 1967, 5 In ibid): «sistema kultural baten ezaugarri nabarmenetarikoa da mugimenduan eta prozesuan dagoen entitate izatea». Taldeak, kide ezberdinen multzoak, denboran eta egoera ezberdinen aurrean elkarturik mantentzeko sustatzen dituen prozesuek, ahaleginek edota ekintzek eratzen dituzte kultura txiki hauek.
Klubaren definizio lanetan zerbait sumatu badugu, horixe izan da: klubak baturik agertzeko grina eta xede horri denboran zehar eusteko ahalegina. Klubaren jarraikortasuna nagusiki elkartasun horretan datza, bidean gertatutako aldaketei (edo krisiei) aurre egiteko saiakerarekin batera. Azken finean, Hollidayk esaten duen moduan (1999, 247), kultura txikiak egiten eta berregiten diren prozesuak baino ez dira.
Kultura txiki baten eraketa prozesuan, lau faktore edo aspektu bereizten ditu egileak: (1) talde bat izateko nahia edo desioa; (2) testuinguruarekiko elkarrekikotasuna; (3) erakundetze prozesua; (4) sormena eta kultura ekoizpen propioa.
Elementu horiek oinarrizko egitura eman digute klubaren definizioa osatzeko, bertan lau atal nagusiak bereiztuz: