Euskara nagusiki, klubeko kudeaketa lanetan eta kirol praktiketan gauzatzen da, bietan, harremanak horien oinarri izanik. Zuzendaritza taldekoek eta zaleek eramaten dute aurrera kluba; kirolariak eta horien entrenatzaileak, gorpuzten dute kirol jarduna. Hizkuntzek josten dute amaraun konplexu hau. Hizkuntzak ezinbestekoak dira klubak -zentzu zabalean- sozializazio, komunikazio eta heziketa guneak direlako. Euskarak ezaugarri eta pisu ezberdinak hartzen ditu arlo bakoitzean.
Haur (txikiekin batez ere) eta nerabeekin errazago egiten da euskaraz, eta entrenatzaileek euskara dakitenean horixe da ohitura zabalduena. Kasu hauetan kirola eta eskola gertu daudela dirudi: eskolaren eraginez euskara zabaltzen ari da belaunaldi gazteen artean, eta horrek isla du kirol eremuan ere. Hori joera natural gisa planteatzen da, baina tartean trabak agertzen dira. Bi azpimarratu dira: batzuetan ez da posible topatzea entrenatzaile euskaldunak; beste batzuetan gazteen hizkuntz gaitasuna eta motibazioak eskasa dirudite. Honen guztiaren eraginez egoera anitzak sortzen dira. Talde batzuetan gaztelera izango da nagusi. Beste batzuetan bi hizkuntzak tartekatuko dira. Azkenik, badira taldeak euskaraz funtzionatzen dutenak, entrenatzaileek nahiz kirolariek eraginda.
Joko-zelaian ez ezik klubaren bulegoetan ere egoera ezberdinak gertatzen dira. Barne funtzionamendua eta egunerokotasuna aipatu da hizkuntz erronka nagusien artean; salbuespenak salbuespen, barne komunikazioa eta dinamikak gaztelaniaz egiten direlako. Klubeko hizkuntz paisaian, kirol instalazioetan eta bulegoetan adibidez, bi hizkuntzak dira gehienetan protagonistak eta, oro har, kanpora doan komunikazioan (mezuak, albisteak, e.a.) eta jardunean euskarak pisu garrantzitsua du. Klub hauetako webguneak eta sare sozialak dira horren froga.
Halere, protokolorik gabe, hizkuntz kudeaketa uneoro erabaki beharreko zerbait bilakatzen da. Klub mailako irizpide argi bat eduki barik, dena da saiakera, nahia, gogoa edo suposizio. Eta askotan ez da erraza asmatzen.