Klubak diren kultur txikiak hizkuntz kulturak ere badira. Bertan hiztunak dira zutabe nagusi bat. Bestea, hizkuntzak duen dimentsio sinbolikoa, hau da identitatearekin sortutako loturak. Euskara continuum batean mugitzen da: euskara eskolan eta familietan egiten da gehienbat. Aisialdian eta kirolean, aldiz, gutxiago.
Kluben ikuspegitik, elebitasuna izan daiteke lorpen bat, baina ez da nahikoa inertziak eta ohiturak iraultzeko. Batez ere maila formalean geratzen bada, pertsonen arteko harremanak blaitu gabe. Korrika edota Euskaraldia bezalako ekimenak aterkia dira dinamika berriak proposatzeko. Kontzientziak pizten dira. Baina behin-behinekotasunaren sentsazioa ere areagotzen da: euskara (beti) helburu eta jomuga, baina zaila da desioen esparrutik ateratzea. Ezintasun puntu bat agertzen da.
Euskara ikurra denik ez da zalantzan jartzen, baina egunerokoan presentzia gorabeheratsua du. Azken finean kluben nahiek euskarak gizartean dituen muga berberak erakusten dituzte: euskarak presentzia urria izan du kluben garapen eta erakundetze prozesuan; tradizio gutxi du kirol gehienetan. Gauzak horrela, euskararen egoera orokorra aldatzeko zain geratu dira klubak.
Ahaleginak egonkortzeko baliabide eta aukera gutxi egon direnez, hiztunen borondatearen baitan bizi da hizkuntza. Sarri, klubetan, euskarak izen-abizen jakinak ditu.