Egitasmoaren oinarriak eta gidalerroak

Badu garrantzia gauzak nondik eta nola egiten diren. Euskara Kirolkide proiektuan ikerketak eta esku-hartzeak bat egin dute eta hasieratik arreta eskaini zaio bi lan ildo horiek bideratzeko manerari.

J.-K. Gibson-Grahamek diotenez (2008, 618) aldaketa sozialak eragin nahi baditugu ikerlari zein akademiko moduan aldatu behar gara eta, besteak beste, teoriarekiko harreman berriak sortu behar ditugu.

Horregatik, ikerketa eta esku-hartzearen diseinua batera egin da, bi arloen arteko lotura eta koherentzia bilatuz. Bide honetan hainbat esperientzia hartu ditugu eredutzat. Batetik, mugikortasunaren ingurukoa Rovira i Virgili Unibertsitateko hainbat gizarte antropologok bideratutakoa. Bestetik, energiaren erabileraren inguruan zenbait antropologo, diseinatzaile eta ingeniarik garatutakoa.

Bi kasuetan lan egiteko zein aurkezteko moduak eredugarriak iruditu zaizkigu eta horiek geureganatzen eta aplikatzen saiatu gara, betiere gure testuingurura, helburuetara eta baliabideetara egokituta.

Eredu horietatik abiatuta, hiru premisa edo gidalerro hartu ditugu kontuan.

Ezagupen ibiltaria

Munduan eta euskal gizartean gertatutako aldaketei erantzun bat emateko, derrigorrezkotzat jotzen dugu mugimenduan dagoen pentsamolde bat eraikitzea (“ambulatory knowing”). Tim Ingold-ek azaltzen duen moduan, pentsamendu ibiltariak errazago hautematen ditu testuinguruak eskaintzen dituen arrastoak edo aztarnak, jakintza sakonago bat eskuratuz (Ingold 2010, 134):

«zenbat ezagutzen duzun baino, zein sakontasunez ezagutzen duzun egiten du aldea».

Gure ustez, kontuan hartu behar dugu sortzen ditugun teoriak edo ezagupenak guztiz baldintzatuta daudela horretara heltzeko egin dugun bidearengatik. Horrek ematen die zentzua eta izaera. Mugimenduan “ezagutu” eta pentsatu, hau ere erabaki kontzientea izanik. Teorikoki, kontzeptualki, metodologikoki eta emozionalki ikerlari ibiltari gisa nahi dugu ikusi gure burua. Ezagupena mugimendua da, dio Tim Ingold-ek (Ibid). 

Horrekin lotuta, malgutasuna eta sormena aplikatzea gakoa dela iruditzen zaigu, alegia, unearen eta egoeraren baitan aritzea. Era berean, ikerlarion interesak ikertutako talde zein pertsonei egokitzea ezinbestekoa deritzogu: testuinguruarekin bat egitea eta prozesua zein produktua partekatzea Euskara Kirolkide egitasmoaren bi zutabe lirateke.

Zentzumen-etnografia

Protagonistekin bat egin, errealitatetik gertu egon. Hauek izan dira Euskara Kirolkide egitasmoaren kezkak hasieratik. Denboraldi baten gorabeherak, asteburuetako partidak edota entrenamendu arruntak bizi nahi izan ditugu. Horretarako etnografia izan dugu ardatz, hain zuzen ere, zentzumen-etnografia (Pink et al., 2019) zeinetan, klasikoak diren teknikak (behaketa eta elkarrizketa) egungo lan tresnekin elkarbizi diren. Zentzumenak erdigunean jarri eta ikerlariak testuinguruan kokatu, horrekin harremandu eta ezagupena hortik eraikitzea izan da helburua (Estalella 2020). 

Gainera, jasotakoa modu ezberdinetan erregistratzea eta erakustea nahi izan dugu. Horretarako, ikusentzunezkoak baliatu ditugu, eta, beraz, webgune hau sortu dugu. Horren bitartez, egitasmoaren ondorioak beste modu batean zabaltzeaz gain, ikerketa praktika ezberdin bat probatu nahi izan da, dinamikoagoa eta (kirol) eragilearekiko zuzenagoa. Webguneak errekurtso ezberdinak erabiltzeko aukera ematen du, emaitzak ahalik eta modu osatuenean erakusteko eta publikoarengana ahalik eta era zabalenean iristeko. Etnografian zehar jasotakoa partekatu nahi izan dugu gunea konsultatzen duenak ezagupen horren parte izateko asmoz. 

Ezagupen eraldatzailea

Ikerkuntzak izaera soziala du oinarrian (Bucholtz et al. 2016, 27). Ezinbestean eraikia, subjektiboa, aldakorra eta malgua da, izaera anitzeko harremanen mataza batean harrapatuta bizi delarik. Hau horrela izanik, garrantzitsua iruditzen zaigu hausnartzea eta erabakitzea ikertzaile eta eragile moduan hartzen dugun jarreraren inguruan. 

Ikerketa-ekintza honek soziolinguistika kritikoa du inspirazio eta ezagupen eraldatzailea jomuga: testuinguruan eragin (hausnarketa mailan bada ere) eta aldaketa bultzatu nahi du. Ezagupen eraldatzailea eratu nahi da ezagupena bera eta ikerlari moduan ere eraldatzeko. Planteamendu hau aurrera eramateko oso lagungarriak egin zaizkigu J.-K. Gibson-Grahamen ontologia performatiboaren proiekturako planteatutako galderak (2008, 615):

«Nola eragin dezake gure lanak aukera berriak agertarazten? Zein mundu eraikitzen hartu nahi dugu parte? Zein izan daitezke emaitzak gauzak modu batean edo bestean eginda?»

Ikerlari moduan egiten eta eraikitzen duguna ez da aparteko mundu bat, munduaren parte baizik. Horretaz jabetzea ezinbestekotzat jotzen dugu.