Ohi denez, bukaerarako utzi ditugu ondorioak, amaitu gabeak, halabeharrez behin-behinekoak, 2022an zeregin berriekin helduko zaigulako Euskara Kirolkide egitasmoa.
Hamar puntutan bildu dugu 2021eko prozesuak emandakoa.
1.- Babesgunearen nozioak ireki zigun ikerketa berri baterako atea…
Babesguneaz hitz egitean, euskararen erabilerarako behar diren bigarren mailako baldintzei buruz ari gara (Ramallo 2020): hizkuntzaren ezagutzaz gain, testuinguruarekin lotutako bestelako baldintzez. Babesgune batek giro, egoera edota une aproposak sortuko lituzke, bertan murgiltzen direnak hizkuntzarekin esperimentatzeko eta probatzeko. Taldetasuna, partehartze aktiboa eta prozesu gisa definitzea dira babesgunea ezaugarritzen duten hainbat elementu. Babesgunean, hizkuntza, talde harremanak sendotzeko gakoa izan daiteke; baita sormena lantzeko eta hiztun bezala arriskuak hartzeko ere. Hizkuntza prozesu eraikitzaile gisa irudikatu daiteke bertan, zeinetan denok ikasle rola dugun. Laburbilduz, kluba babesgune gisa ezaugarritzen dugunean hiru arlo nagusitzen dira: klubak osatzen duen testuingurua eta egitura, bertan gauzatzen den talde lana eta, azkenik, norbanakoaren partaidetza edo partehartzea.
2.- … eta ikerketa bera babesgune bilakatu zen.
Teoriatik praktikara jauzi egin eta ikerketa bera babesgune bilakatzen saiatu gara. Bertan, klubeko zuzendaritza-taldekideak laguntzaile bilakatu dira ikerketa prozesuan. Harreman sarea osatu da ikerlari eta ikerketan parte hartu dutenen artean. Era berean, ikerketa bera gune eta une bat izan da, klubeko kideek gogoetatzeko eta euren hausnarketak ikerlariekin partekatzeko. Elkarentzute bat izan da, eta elkarlana, baita sormen ariketa ere. Azkenik, prozesu gisa irudikatu da ikerketa bera, urratsez urrats elikatzen joan dena, eraikitzen joan dena. Ibilbidea eta ikaskuntza izan da. Era honetan, babesgunearen nozioa, bere definizioa alegia, helburua eta tresna izan da aldi berean.
3.- Agerkari bat azaleratu da: klubak, kultura txikiak
Klubetako zuzendaritza-talde ezberdinekin egindako elkarlanak bide eman digu erakunde horiek gertutik ezagutzeko eta bizitzeko. Esperientzia honen ondorioz, kirolean ez ezik gizarte zabalean murgiltzen diren kultura txikiak bezala irudikatu ditugu klubak. Talde bat izan nahiak bultzatuta, klubak historia eta identitate bat garatzen joan dira, beti ere gertuko testuinguruarekin bat eginik, hartu emanak eta sareak ehunduz. Antolaketa, kudeaketa eta errutinek egiten dituzte klubak erakunde, sentimenduak edo arlo sinbolikoak gaindituz. Azkenik, ikusi dugu klubak kultur ekoizleak ere badirela eta kultura sortzeko artefaktuak. Presentzia bat dute gizartean, bertatik jasotzen eta bertan eragiten. Ondorioz, babesgune izateko ezaugarri nagusiak bete ditzakete kirol klubek.
4.- Eta euskara kultura txiki horietako partaidea da.
Kultura txiki horietan, euskara nonahi topa daiteke. Ez dagoenean ere hor dagoelako. Ikerketak hizkuntzaren hiru dimentsio aztertu ditu: kluben hizkuntz ideologiak, hizkuntz praktikak eta hizkuntz bizipenak. Hiruretan, euskararen erabilerarekin lotutako argi-ilunak ageri dira. Sarritan euskara taldeko identitateaz edo nortasunaz mintzatzean agertzen da diskurtsoetan. Euskara -diote- bereizte-ezaugarria litzateke, baina horretan geratzeko arriskua dago. Handiagoa edo txikiagoa, oro har, euskararen alde egiteko borondatea topatu dugu klubetan, baina praktikarako jauzia zaila suertatzen da. Hizkuntzarekin lotutako erabakiak uneoro hartu behar dira, eta, ondorioz, behin-behinekotasuna da nagusi.
Oso gutxi dira euskararen inguruan ezarritako arauak edota prozedurak. Ez dira hizkuntzen kudeaketari buruzko erabaki pausatuak hartzen. Bestalde, eskola/familia eta kalearen arteko amildegiaz jabetzen dira klubak. Bi eremu horietatik kanpo euskara umezurtz antzematen da, eta kirol klubetan errealitate horren isla dugu. Batzuetan ezinean dabiltza hutsune hori bete nahian. Ez dakite nola egin. Azkenik, klubetan euskararekin lotuta jaso ditugun bizipenak gazi-gozoak direla esan daiteke. Batetik, jai eta ospakizunetan du hizkuntzak toki pribilegiatua, izan kluben garaipenak txalotzeko garaian, izan euskararekin lotutako ekimen ezberdinetan (Korrika, Euskaraldia, etabar); baina, bestetik, tentsio eta deserosotasuna antzematen dira euskara harremanen eremuan kokatzean: ezagutza-hutsuneak langileen edo entrenatzaileen artean, erabiltzeko ohitura eza…
5.- Egun, klubetan, potentzialitate handiko eragile ahula dugu euskara
Goian aipatutako guztiarengatik, ondorio nagusi bat agertu da ikerketan: kirol eremuan, eta bereziki kirol kluben esparruetan, potentzialitate handia du euskarak. Potentzialitate handia du kluben errealitatean eta euren testuinguruan presentzia handia duelako eta jada hainbat kirol dinamiketan txertatuta dagoelako. Kluben historian ez ezik, kluben orainaldian ere kokatuta dagoelako; kezka eta interesa pizten dituelako; kluben hobekuntza-prozesuetan euskara txertatzeko ahaleginak egiten ari direlako. Potentzialitatea haur, nerabe eta gazte euskaldunekin lanean ari direlako jada.
Halere, egoera ahula du euskarak gaur egun kirolean eta kirol klubetan. Horixe da ikerketako bigarren ondorio nagusia. Ahula, askotan behin-behinekotasunak definitzen duelako bere presentzia; ahula, askotan borondatearen (edota pertsona jakinen jarreraren) baitan geratzen delako bere erabilera. Ahula, izaera sinbolikotik harago joatea zaila delako. Eta ahula, oraindik ez delako argi antzematen zein den kirolaren papera euskararen biziberritze-prozesuan.
6.- Pandemia baten une zailetan ere…
Euskara Kirolkide egitasmoak bere bigarren urratsa eman du 2021ean. Pandemia-garai bete-betean, sei kirol klubengana jo genuen, eta egoera zail horretan ere ateak ireki zizkiguten. Eta hau bereziki nabarmendu nahi dugu. Eta eskertu. Segurtasun distantziak eta musukoak ikerketaren parte izanda ere, ez dute eragotzi ikerketa bertatik bertara egiteko gogoa. Funtsezkoa izan da modu hori kluben egunerokoa lehenengo pertsonan jabetu ahal izateko. Gure ustez, errealitate hori ezagutuz proposa litezke soilik klubetan euskararen presentzia areagotzeko ekinbideak.
7.- … harremanak erdigunean…
Egitasmo honen aurrekariaren (D ereduko kirola) emaitzak eta 2020an egindako marko teorikoa kontuan harturik, lekuan lekuko fase berri bati ekin zaio 2021ean. Kasu honetan, klub ezberdinekin harremanetan jartzea izan dugu helburu, klub bat zer den eta zertan datzan bizitzeko eta ulertzeko asmoz. Errealitate horretan murgiltzea ezinbestekotzat jotzen dugu, elkar igurtzi horretan ezagupena sortzen delakoan gaudelako. Harremanak erdigunean jarri ditugu: klubeko zuzendaritza-taldekideekin, klubeko espazioekin, bertako errutinekin eta kluba testuingururatzen duen bizitoki eta bizimoduekin.
8.- … zentzumenezko etnografia osatuz…
Klub hauetan ikusi, entzun, usaindu, ukitu, sentitu eta bizitu duguna jaso, erakutsi eta partekatzeko asmoz, formatu aproposena bilatzen saiatu gara. Zentzumenezko etnografiak inspiratuta diseinatu eta osatu dugu webgune hau, ikertutakoa ahalik eta modu gertukoenean eta zuzenenean eskaintzeko aukera izateko. Nahi duenak klubak ikusi, entzun eta bizitzeko parada izan dezan.
9.- … hizkuntzaren gaineko ikerkuntzan aurrerapausoak emateko.
Sinesten dugu azken boladan euskal soziolinguistikan bira bat gertatzen ari dela, zinez interesgarria. Hiztunak bere aniztasunean eta konplexutasunean erdigunean jarri eta, parez pare, ikerketa eta bizitza bat eginik, ezagutza elkar eraikitzea litzateke jomuga. Ikerlariak, bidelagun bilakatuta, helburu bakarra du: afektuetan murgiltzea. Batetik, sortutako jakintzak errealitatea eta pertsonak afektatzeko gaitasuna izatea; ezagupena eragile izatea. Bestetik, ikerlariarengan berarengan eragitea: ikerketa amaituta, ezin du pertsona berdina izan. Abiapuntu berri baterako galderak agertu behar dira. Bestela bidea amaitutzat eman daiteke.
10.- Galdera berriak ditugu kirol zelaian
Egun, haur, nerabe eta gazteen begiradatik, eskola eta familia baldin badira euskararen bi zutabe nagusiak, zein toki izan behar du kirolak? Eta bide honetan, zein politika, plangintza edota tresnak irudikatu daitezke kluben errealitate, izaera eta beharretatik?
Baditugu galdera eta erronka berriak hurrengo urratsak abiatzeko.